lunes, 4 de julio de 2011

ZAILTASUNEI AURRE EGITEN

Filosofoek esaten dute, bizitzak bakoitza bere lekuan jartzen duela. Atzo, Bilboko Frontoian gertatu zena ikusi ondoren, batzutan justiziak eta borrokak zure ametsak betetzera eramaten zaituela argi ikusi genuen.

Xala, merezimendu osoz Manomanista-ren finalean sartu ondoren, apendizitis batek ia kanpoan utzi zuen. Enpresak finaletik at uztea erabaki, hori Xalak gaixotasuna menperatu arren. Herritarrak, lagunak, afizioak,....erakutsitako erantzuna ikusirik, enpresak iritziz aldatu eta Lekuindarra finalean ipini zuen, hori bai, bere ordezkoa zen Bengoetxea, egoera deserosoan utzita.

Egoera honek Xala indartu zuen, kastaz, konfidantzaz eta amorruz betea. Esan liteke, bizi izan duen anekdota hau, finala irabazteko garrantzitsua izan dela, beldurrak alde batera utzi eta bere indarretan oso seguru egotera behartu bait du.

Atzo hasieratik ikusi zen fisikoki oso ondo zegoela. Aimarrek egin zituen lehen 3 tantuak. Hala ere Xalak hartu zuen hurrengo errenta (5-9), sakearen prezisioa eta erasoari esker (partidan zehar 20 tantu egin zituen erasoan, ikaragarria). Baina Olaizola II txapeldun aparta da, hotza, azkarra eta noiz eraso dakiena. Sakea gehiago aprobetxatu, eskuinkadak baztertzen eta aukera zuenean tantua amaitzen, markagailuari buelta eman zion. 17-10 ikusita partidua erabakita zegoela ematen zuen, gutxitan joaten zaizkio Goizuetarrari honelako emaitzak.

Telebistan, pelotari beteranoak ere esperantza gutxi zuten Xalaren aukeretan. Kuriositate moduan, momentu horietan Ladutxe-ri egin zioten elkarrizketan, txapela oso zaila zegoela adierazi zuen. Ladutxe izan da Xalaren maixua, beraren aukeretan konfiantza gehien izan duena....

Ba bizitzaren misterioak, hortik aurrera, eta taktika aldatu ondoren (Zubieta botilleroaren gomendioz), Xala txokotik ateratzen hasi zen, eta nahiz eta Aimarrek ondo erantzun, Lekuindarra etortzen zitzaion pelota guztia errematatzen hasi zen, arriskatu ala hil, leku batetik bestera arerioa erotu arte; tantu ikusgarriak gainera.

Azkenean merezimendu handiz Xalak 22-19 gainditu zuen Olaizola II. Azkenaldian ikusi dugun final ikusgarrienean. Xala historiara pasatuko da, 1989 tik pelotari Nafarren agintea puskatu eta gero, Iparraldeko lehen pelotaria izan delako Manomanista irabazten eta gertatu zaion arazoa eta gero izan duen ausardia eta kemenagatik.

ZORIONAK TXAPELDUN!!!

No hay comentarios: