jueves, 3 de julio de 2014

ORAINDIK OSO BIZIRIK!!


Ekainak 21. Andoainen San Juanak dira eta gauean talde mitiko batek joko du plazan. 23:00ak aldera, plazaruntz gindoazela, eguraldiak kolore txarra hartzen zijoan. Jende dexente Su Ta Gar mitikoak ikusteko. Aurreko urteko Abenduan ikusi genituen azkeneko aldiz eta kontzertu itzela izan zen. Gaztetxean bezala, beraien azken lana aurkezten dabiltza, "Bizirik gaude", alegia.

3 abesti jo eta hara non hasten den sekulako euri jasa bat. Jendea aterperuntz korrika, eta Eibarko laukotea bakarrik jotzen minutu batzuen inguru. Plaza ilunpetan, euriaren soinuaren menpe. Su ta Gar-eko kideak jotzeari uzten diote eta errezatzea besterik ez zaigu geratzen, euria desagertu eta taldea berriro taulapean ikusteko desioaz.

Ordu erdi barru, kontzertuak berriro bere onera bueltatzen da, eta orain bai, zuzeneko bortitzaz gozatzen dugu. Azken diskoko abesti ugari entzun genituen ("Txakurrak solte"; "Bizirik gaude", "Nazkatu naiz",.....), baina klasikoentzako ere izan zen tartea: "Jo Ta ke"; "Mari"; "Nazka"; "Itxaropena" (momentu hunkigarri batean); "Geroaren hazi heziak", "David eta Goliath",....ikaragarria!! Aspaldi ez dugula Andoaingo plaza hain beterik ikusi. Zalegoa disfrutatzen eta taldea inoiz baino motibatuago. 1987tik kaña ematen dabiltza eta oraindik ez dute galdu karisma eta kalitaterik. Txarrena, kontzertua zirt eta zart batean pasa zitzaigula, konturatu gabe. Abesti bakoitza abestuz eta oroitzapen handiak berreskuratuz (Su Ta Gar, Berri Txarrak-ekin batera, zuzenean gehien ikusi ditudan taldeak dira, bihotzean dauzkadanak), eta urte gehiagoz ikusteko esperantzarekin geratzen gara. Handiak oso, Su Ta Gar!!

Oraindik bizirik daude, eta urte askorako izan dadila!!

No hay comentarios: