miércoles, 19 de agosto de 2015

POZIK ZIRUDIEN EURIAREN ETORBIDEAN!!



Abuztuak 14. Donostiako Aste Nagusiaren barruan, Berri Txarrak taldearen kontzertua zegoen iragarrita Sagues-en. Beraien abesti (Lemak, aingurak) batek dioen bezala: Pozik zirudien euriaren etorbidean,....eta horrela egon giñen Sagues-en bildutako milaka pertsona; Bustirik, baina pozik ikusi eta sentitu genuenaz mozkorturik. Taldeak 20 urte bete ditu, azken lana ikaragarria da (gero eta gehiago entzun hobeagoa iruditzen zait) eta zuzenean ez dute bere pertsonalitate eta indarra galdu. Alderantziz, abesti berriak oso ondo moldatzen dira antzinako klasikoekin.

Gorka, David eta Galder oso motibaturik egon ziren kontzertu guztian zehar. Plaza leporaino zegoen (aurreko urtean portuan bezala) eta botatako euri jasak ez zion zalegoari atzera egin. Aterkiak ikusi ziren, baina behean jarraitzaile emozionatu bat zegoen, abestiak tarareatzen eta dantzatzen. Setlist-a oso aproposa iruditu zitzaidan, ia disko guztiak errepasatu bait zituzten. Azkeneko abestiak entzutean, zalegoak lagundu egiten zuen ahotsean. Egia esan, abesti oso kutsakorrak dira, dantza ez egitea ezinezkoa bait da!! "Etsia", "Bigarren itzala", "Lemak, aingurak", "Hemen sukaldarien herrian", "Hitzen oinarri ahula", "Bigarren eskuko amets",......abesti klasikoagoekin nahastu zituzten."Oihu", "Biziraun", "Libre", "Denak ez du balio", "Izena, izana, ezina", "Betiko leloaren betiko leloa", "Bueltatzen", "Gelaneuria",.......musika zirraragarriaz beteriko 2 ordu izan ziren.

Kuriositate moduan, "popurri" bat egin zuten abesti desberdinen hasierak jotzen ("Stereo", "Dortoken mendean",..), azkenean "Ikasten"mitikoa jotzen bukatzeko. "Oreka" abestiaren erdialdean, nola ez, bertsio bat izan genuen (MGMT-ren kids). System Of a Down-en "Spiders" ere jo zuten jarraitzaileen gozamenerako. Baita "Min hau" emotibo bat, Gorka eta kitarra nor baino nor.

Zaila kontzertu berezi hau hitzekin deskribatzea. Berri-ren esentziak zuzenean beste maila bat hartzen du. Ikusitakoa gutxi balitz, jendearI esker ona adierazteko edo, hirukotea blai eginda bukatu zuen ur botillak gainean botata. Bukaera ederra, 20 urtean zehar musikalki hainbeste aberastu gaituen taldearengatik. Beste 20 urte gehiago izan daitezela!!

IKUSI ARTE!!

No hay comentarios: